XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) barrabas hura, jo eta bertan botako nikek amildegitik behera.

- Zer du zaldiak?

- Jakingo banu!

- Ez dik zaldia denik ematen.

- Kanpotik ikusita, ederra dela ezin uka.

- Kanpotik izango duk, ze burutik...

- Uste diat Txerrenek arima jan diola.

- Baina, Joxe.

- Noiztik hona dute zaldiek arima?

- Mundu honetan ez dakigun gauza asko gertatzen duk.

Gurutzearena egin zuen.

Joateko imintzioa gero.

Geratzeko esan nion, lasaiago hitz egingo genuela.

Alferrik.

Inoiz baino mukerrago eta hitz laburrago ageri zitzaidan.

- Ondo begiraiozu Txuriori, makal antzean dabil-eta.

Han joan zen ateraino eta handik piska batera bidean behera bere baserri aldera ikusi nuen.

Nekatuta bezala, baldar zihoan.

Ilunak irentsi zuen ondoren.

Bakarrik geratu nintzen etxean, lehen baino bakarrago.

Kezkaren hariez josita bihotza.

Joxe, ezagutzen nituenen artean, zaldi, piztia, abere kontuetan jantziena zen: baserritar petoa.

Hark ez bazion bereari zeukana asmatu, zerbait larria edo oso ezkutukoa zuen seinale.

Eta ni ez nintzen albaitari izango, hura jakitera iritsi ezean.

Erronka bota nion neure buruari.

Gero, Joxerena, beste zaldiekin batera utzi nuen ukuiluan.

Gero, berriro eseri eta liburua irakurtzen segitu nuen.

Gero, lo geratu nintzen sofan etzanda.

Ametsetan.